jueves, 6 de agosto de 2015

Ez diezaiegun utzi Ibon akatzen!



Ibon Iparragirre Burgoa, larriki gaixo dagoen preso politikoa, kartzelan mantentzea erabaki du Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, duela bederatzi hilabete aurkeztutako errekurtsoari erantzunez. Ebazpen honen ondorioz, defentsak jada 100etik behera, 40.000tik gorako karga birala eta burmuinari eta ikusmenari ukitzen dion leukoentzefalopatia diagnostikatuta eduki arren, Ibonek bigarren graduan jarraitu beharko du.

Ibonen bizitza arriskuan dagoela jakin arren, epaileak bederatzi hilabete beranduago eman du erantzuna, eta Iboni hiesak burmuinean eragiten dion kalte larria aipatu ere ez du egiten; bere gaixotasunaren egoera «egonkorra» dela ere esaten du, baita egonkortasun horretan iraun dezakeela ziurtatu ere, «urte bat eta bost urte bitartean». Gezurrean oinarritutako ebazpen honen helburua argi dago: Ibonen sufrikarioa azken muturreraino eramatea. Argi antzematen da PPren espetxe politika mendeku hutsa dela.

Epailearen esanetan, Ibonek ez du inolako tratamendurik hartzen bere gaixotasunari aurre egiteko; hau da, ulertzera eman nahi duenez, Ibon bera da bere burua alferrik galtzen uzten ari dena, heriotzatik zenbat eta gertuago etxe-kartzela egoerara itzultzeko aukera gehiago izango lituzkeelako, epailearen esanetan.

Egia bestelakoa da: Ibonek egunero epilepsia atakeak saihesteko pilulak hartzen ditu –Kepra 600–, txizaren infekzioa eduki duenean antibiotikoak hartu ditu, eta mina etortzen zaionean berak eskatzen du analgesikoren bat. Beraz, medikuntza ofizialak eskaintzen dituen hainbat tratamendu onartzen ditu, bere gaixotasunaren larritasunaz oso kontzientea izan arren bizitzen jarraitzeko gogoa daukalako.

Beste kontu bat da, eta hemen dator epailearen demagogia, hiesari aurre egiteko ez duela antirretrobiralen tratamendua onartzen, eta horren ordez, tratamendu naturista nahiago duela, bi tratamendu motak probatu eta ezagutzen dituelako, betidanik informatu delako hiesaren inguruan, eta inork aipatzen ez baditu ere, antirretrobiralen tratamenduak pertsona bat baino gehiago heriotzara eraman duten efektu sekundarioak dituelako.

Ibonek 13 urteko seme bat dauka, eta 5 urteko alaba bat, bi emakume ezberdinekin. Ez umeak ez amak ez daude kutsatuta. Baina, orain dela hogei urte, Ibon bere gaixotasunaren eta tratamenduaren inguruko informazioa jasotzen ez balitz arduratu izan, gaur egun Manex eta Izadi ez lirateke existituko, medikuntza ofizialak zioenez hiesa zeukatenen seme-alabak halabeharrez kutsatuta jaioko zirelako. Hauxe izan da eta hauxe da diskurtso ofiziala, antirretrobiralak ekoizten dituzten enpresen mesederako.

Idatzi honen helburua ez da antirretrobiraletan oinarritutako tratamendua arbuiatzea. Pertsona bakoitzak bere gaixotasunaren tratamendua aukeratzeko eskubidea dauka; oinarrizko giza eskubidea da. Eta tratamendu bata edo bestea aukeratu izana ezin da gaixotasun terminala daukan pertsona bat kartzelan usteltzen uzteko aitzakia bihurtu. Gauza bat, bada egia: Ibonek urtebetean zehar ez du hiesaren aurkako inolako tratamendurik hartu; izan ere, egon den hiru kartzelek ukatu diotelako tratamendu naturista barruan sartzeko aukera, Alcala-Mecok onartu zion arte. Behin tratamendu naturista eskuratuta, hori jarraitzen du, egunerokotasun batean.

Laburbiltzen, ustez presoen bizitza eta osasuna bermatzeaz arduratu beharko liratekeen epaileak eta medikuak dira Ibonen sufrikarioaren arduradun nagusiak. Eurek egindako legea alboratuz, gezurrak eta erdi egiak nahastuz eta inolako errukirik gabe, Ibon heriotzara bul-tzatzen ari dira: ikusmenik gabe, bakarrik, indarrik gabe, oinarrizko arreta medikurik gabe, etxetik 400 kilometrora, osasun markagailuak gero eta desorekatuago... Pirata ontzietako karelean jartzen ziren taula gainean bezala, oraindik orekari eusten diola ikusirik, Castro, Yuste, Fernandez eta gainerako handi-mandiak ezpatarekin bultzatzen ari dira Ibon, taularen muturreraino. Ez diezaiegun utzi Ibon akatzen!

http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/ez-diezaiegun-utzi-ibon-akatzen

No hay comentarios:

Publicar un comentario